60 JAZZALDIA DONOSTIAN - SAN SEBASTIAN
Uztaila 19-27 Julio 2025
Jamie Cullum 60 Jazzaldian izango da
Abeslari eta piano-jotzaile
britaniarrak bi kontzertu eskainiko ditu.
Jazzaldiko hirurogeigarren edizioan
arituko den lehen izar handia iragartzen dugu: Jamie Cullum. Musikari ingelesa
uztailaren 22 eta 23an arituko da bi eszenatoki ezberdinetan, bi musikari-talde
ezberdinekin.
Ongi ezagutzen dugu Cullum
Jazzaldian. Bakarkako kontzertuetan nahiz bere taldearekin gozatu dugu, baita
big band baten laguntzaz edo DJ lanetan ere; Trinian, Kursaalen eta Zurriola
hondartzan 45.000 pertsonaren aurrean; 2009an hogei urte inguru zituela,
2013an, 2015ean Jazzaldiko 50. edizioa ospatzen eta 2019an.
Hauetan guztietan musikari britaniar
oparoak entzuleak liluratu ditu bere gogoberotasun agorrezin, alaitasun
kutsakor, energia sutsu, komunikaziorako gaitasun eta gainezkako
jatortasunarekin. Piano aurrean eserita garai bateko croonerren moduan abestuz
hunkitu egiten gaitu Cullumek, erotu eta berotu bere taldearen aurrean jartzen
denean. Berezko dituen karisma eta ahots imitaezinak egungo Jazzeko artista
ospetsu eta maitatuenetakoa izatera eraman dute.
Datozen hilabeteetan zehaztasun
gehiago eskainiko ditugu Jamie Cullumen bi kontzertuei buruz eta 2025eko
uztailaren 22tik 27ra egingo den Jazzaldiko 60. edizioaren ospakizunetara batuko
zaizkigun artista gehiagoren gainean.
Jamie Cullum + Melody Gardot + The
Beach Boys + Marc Ribot + Dave Holland + Chief Adjuah (Christian Scott) + Dee
Dee Bridgewater + Hermeto Pascoal + Oscar Peterson Centennial Concert + Kurt
Elling + The Yellowjackets + Chris Potter + Steve Coleman + Marco Mezquida +
Yerai Cortés + Ray Anderson + Kirk Knuffke + Chicuelo + Andrew Bird + Bojan Z +
Baptiste Trotignon + Pierre de Bethman
Donostiako Jazzaldiaren 60. edizio
hau ospatzeko taxutu den musika-eskaintza kalitate handikoa, askotarikoa,
erakargarria eta bizitasun handikoa izango da.
Aurreko urteetan bezala, Trinitate
Plazan, Kutxabank Kursaal Auditorioan, FCC Victoria Eugenia Antzokian eta Škoda
San Telmo Museoan (Klaustroan) egingo diren kontzertuen aurrerapena da hau.
Abenduaren 19tik aurrera, 10:30ean,
salgai jarriko dira sarrerak eta abonamenduak. Erosketak presentzialki
(leihatilan) edo online egin ahal izango dira, gure webgunean
(www.jazzaldia.eus) eta Donostia Kulturarenean (www.donostiakultura.eus).
Kutxabank Kursaal Auditorioa:
Uztailaren 22an hasiko da guztia
Kutxabank Kursaal Auditorioan, Jazzaren eta egungo poparen izar handienetako
baten kontzertuarekin: Jamie Cullum britainiarra, Jazzaldian biltzen den
publikoaren benetako idoloa, eta Donostian aritu den bakoitzean gailendu izan
dena.
Egun horretatik aurrera, Kursaaleko
Auditorioak beste 5 kontzertu aurkeztuko ditu, guztiak ere lehen mailakoak.
Uztailaren 23an, musikaren historiak eman duen talde mitikoetako bat arituko
da, The Beach Boys, bere sorreratik kide duen Mike Love buru dela, eta Bruce
Johnstonekin, taldekidea 60ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik.
Ostegunean, 24an, etorkizun handiko
gitarrista bat izango dugu gure artean, Yerai Cortés flamenkoa, estiloen
gainetik dagoen bere proposamen gazte eta garaikidearekin. Oso denbora gutxian,
bere ospea berehala zabaldu eta publiko handiarentzat irekitako era askotako
agertoki eta jaialdietan izana da.
Jazzaldia behin baino gehiagotan
saiatu da Hermeto Pascoal brasildar bikain, tropikal eta bakana ekartzen. Bere
parte-hartzea bertan behera utzi behar izan genuen COVID-19aren pandemiaren
ondorioz. Azkenik, uztailaren 25ean, ostirala, Hermetok kontzertua eskainiko du
Kursaaleko Auditorioan.
Uztailaren 26an, larunbata, aukera
izango dugu musika garaikidean den figura sailkaezin, moldakor eta
originalenetako baten hirukotea, Andrew Bird abeslari eta biolinistarena, ikusi
eta entzuteko. Programazio honek dakarren beste berritasun interesgarria.
Kutxabank Kursaal Auditorioko
emanaldiak igandean, hilak 28, amaituko dira. Egun horretan, Jazzaren kondaira
handienetako baten jaiotzaren mendeurrena ospatuko dugu: 1925ean Montrealen
jaiotako Oscar Petersonena. Eta hiru musikari aparten eskutik egingo dugu:
Sullivan Fortner, New Orleanseko interpreteen azken belaunaldietatik
gailendutako pianista, eta baxuak eta bateriak osatutako duo legendarioa, John
Clayton eta Jeff Hamilton (azken hau, Petersonen taldeko bateria urte askotan),
ezinbesteko figurak gure musikaren historian.
Trinitate Plaza:
Jazzaldiko agertokirik
enblematikoenak, beti bezala, 4 gau eskainiko ditu, eta bi kontzertuz osatutako
saio bikoitzaz gozatzeko aukera emango digu. Aurtengo programazioak izen
handiak eta proposamen interesgarriak bildu ditu.
Uztailaren 24an, Steve Coleman
maisuarekin eta bere Five Elements taldearekin hasiko gara; sutsu eta bizia
beti, Coleman egungo Jazzaren eszenako saxo karismatikoenetakoa da. Kurt
Ellingekin jarraituko dugu, egungo Jazz kantaririk onenetakoarekin; gogoan dugu
oraindik Branford Marsalisekin Trinitate plazan hark eman zuen kontzertu
bikaina. Oraingoan, Yellowjackets taldea izango du lagun, edizio honetarako
beste berritasun nagusietakoa. Elkarrekin, Kurt Ellingek eta Yellowjacketsek,
Weather Report taldearen abesti bikainen bertsioak aurkeztuko dituzte.
Ostiralean, hilak 25, Marc Ribot
gitarrista handiarekin eta Hurry Red Telephone bere talde berriarekin hasiko da
gaua. Ondoren, Jazz bokalaren dama handienetakoa, Dee Dee Bridgewater, “We
Exist!” bere proiektua aurkezten izango dugu bertan.
Uztailaren 26an, Crosscurrents Trio,
bi musikari bikain, Dave Holland kontrabaxuan eta Chris Potter saxofoian; Zakir
Hussain handiak osatzen zuen hirukotea baina, tamalez, duela egun gutxi hil da
eta oraindik ez dakigu zeinek beteko duen bere lekua perkusioa jotzen. Bigarren
kontzertua, berriz, artista berritzaile, harrigarri eta ustekabeko batek emango
du: Chief Adjuah (Christian Scott) tronpetista, konpositore eta ekoizleak.
Trinitateko azken saio bikoitzean,
uztailaren 27an, kalitatea eta hurbiltasuna uztartzen dituzten bi proposamen.
Lehenik eta behin, Marco Mezquida pianista eta Chicuelo gitarrista kolider
dituen hirukotea; iberiar panoraman sasoi bete-betean dauden musikarietako bi,
best seller formatuan. Ondoren, Melody Gardot, The Essential Melody Gardot (2024)
bere azken diskoa aurkeztera datorren emakume abeslari bikain eta
berezienetakoa.
Škoda San Telmo Museoa:
Hiru pianista frantses, hirurak
sormenez gainezka eta piano soloan izugarrizko talentua erakutsiz, Frantziako
Jazzaren eszenan beren estilo bereziak bizi duen goraldiaren berri ematera
datoz San Telmoko klaustrora. Bertan, goizeko saioetako lehen hiru emanaldien
protagonistak izango dira: Baptiste Trotignon, Bojan Z eta Pierre de Bethman.
Uztailaren 26an, Marc Ribot gure
gonbidatu bereziaren txanda izango da, eta kontzertu bat eskainiko digu
bakarlari gisa, gitarran eta ahotsean. Sortzaile bikain baten nortasunaz
gozatzeko abagunea.
Azkenik, uztailaren 27an, solo
formatutik aterata, baina eskaintza akustikoari eutsita, Kirk Knuffke
kornetistaren laukotea izango dugu, Stomu Takeishi baxuarekin, Bill Goodwin
bateria ospetsuarekin eta Ray Anderson tronboi zoragarriarekin batera osatua.
Jazzaldiaren barruan, bosgarren aldiz
jarraian garatuko da JazzEñe, FCC Victoria Eugenia Antzokian. JazzEñeren hamaikagarren
edizioa izango da hau, SGAE Fundazioak antolatua, eta, aurreko urteetan bezala,
4 saio bikoitz izango ditu, uztailaren 23tik 26ra, showcase formatuan, Jazz
espainiarrak duen onena eskaintzeko. Aukeratutako 8 proposamenen programazioa
2025eko udaberrian emango da ezagutzera.
Uztailaren 27an, Victoria Eugeniak
Marc Ribot handiaren hirugarren kontzertua hartuko du 60. Jazzaldian. Oraingoan
bere talde irmoenetako batekin: Ceramic Dog. Trio magistrala, jenio honek
egiten duen musikaren panorama osatua bezain harrigarria aurkeztera
datorkiguna.
Doako kontzertuen programa:
Bihar jarriko ditugu salgai
ordainpeko kontzertuak, baina oraindik iragarri gabe dugu Jazzaldiaren
programazioaren zati handi bat, aurkeztutakoa bezainbesteko maila duena, edota
handiagoa: urtero bezala gure hiria musikaz blaituko duten doako kontzertu
guztiena.
Laster, 60. Jazzaldiaren programazioa
zabaltzen eta osatzen joango da, baina dagoeneko izen batzuk aurreratu ahal
ditugu: Clare Martin eta Jessie Gordon abeslariak; PianoForte pianisten
laukotea; Blues Garaikideko disko onenaren Grammy baten irabazle War &
Treaty taldea; Lew Tabackin saxofonista mitikoa; Jordina Millà pianista katalan
gaztea, ECM zigilu ospetsuak argitaratu berri duena bere zuzeneko diskoa,
“Munich”, Barry Guyrekin batera baxuan; Naissam Jalal flautista franko-siriar
zoragarria, tradizio indostanikoaren hainbat musikari biltzen dituen talde
batekin; Euskal Musikaren gazte eszenako talderik erakargarrienetako bat,
Bulego; Crystal Murray abeslari frantsesa, David Murray saxofonistaren alaba;
Judith Hill gitarrista eta abeslaria, eta beste asko.
60 Jazzaldiak 6 kontzertu izango ditu
Chillida Lekun
Donostiako Jazzaldiak, 60. edizioa
ospatzeko, eutsi eta indartu egingo du bere programazioa Chillida Leku museoan.
Guztira sei kontzertu emango dira
bertan, eta horien artean bi estreinaldi nabarmenduko ditugu, aire zabalean,
museoaren zelaietan. Uztailaren 19an, Bascolombiaren kontzertua izango da,
Oreka TX euskal taldea eta Phonoclórica kolonbiar taldea batzetik eratua.
Uztailaren 20an, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida pianoaren bi jeinuek
Dichosos tributos proposamena aurkeztuko dute.
Jazzaldian lehen aldiz, bi kontzertu
eskainiko dira Chillida Lekuko Zabalaga baserrian: uztailaren 26an, Lew
Tabackin flautista eta saxofoi tenor handiaren laukotea; eta, uztailaren 27an,
Jordina Millà & Barry Guy pianista eta kontrabaxua arituko dira.
Chillida Lekuko kontzertuen eskaintza
osatzeko, Txikijazz programazioaren barruan, bi kontzertu izango dira helduez
lagundutako haurrei zuzenduak: uztailaren 25ean Claire Martin abeslari
britainiarra arituko da; uztailaren 26an, berriz, Arima Soul euskal taldea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario